Webgune hau cookiak erabiltzen ditu bezeroaren esperientzia hobetzeko. Webgunean jarraitu ezkero hau hobertzen duzula ultertuko dugu. Informazio gehiago Itxi

Berriak
Back to Top

Berriak

 

Arrizabalaga - Etxaniz Txapeldunak: Emakume Master Cup 2018.

OLATZ ARRIZABALAGA eta LEIRE ETXANIZ 2018ko LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUPeko txapeldunak. PATRI ESPINARRI eta ENERITZ ARRIETARI irabazi diete 22-7 LEHEN MAILAko final handian.

Gorriek irabazi dute finala, nahiz eta lehen bi tantoak Patri Espinarrek egin dituen, urdinentzat. Handik aurrera, baina, gorriak finalari pultsua hartu eta, beraien jokoa eginez, apurka-apurka, nagusitzen joan dira. Launako berdinketa eta gero, Etxanizek eta Arrizabalagak errenkadan egin dituzte tantoak. Partidan, batez ere, igarri zaio Eneritz Arrietari urduritasuna eta horrek eragindako demaseko nekea.

Kategoriako finala izan da, dena dela; tanto gogorrak, luzeak eta lehiatuak egon dira. Gogoangarria izan da Espinarrek sekulako defentsa erakutsi duen bat, 11 eta 6rekin. Azkenean, gorrientzat izan da, eta tanto hori eta gero urdinek bakarra gehiago egin ahal izan dute, 17 eta 7koa. Hor saiatu dira lehia aldatzen, berriro Espinar eta Arrieta, posizioak aldatuta (Arrieta aurrean eta Espinar atzean), baina alferrik.

Horrenbestez, Arrizabalagak eta Etxanizek bigarren binakako txapela eskuratu dute, jarraian. Etxanizek, gainera, hirugarrena du, txapelduna izan baitzen banakakoan ere.

PROMOZIO MAILAn, AINHOA URIENek eta AMAIA VICARIOk jantzi dute txapela,OIHANA ORBEGOZOri eta ALAITZ BADIOLAri 22-20 irabazi ostean.

Astelenan jokatu den lehen finala izan da PROMOZIO MAILAkoa. Partida lehiatua izan da, baina urdinak, gerora txapeldunak, hasieratik aurrea hartu dute markagailuan. Urdinak aurretik joan dira partida ia osoan, 4 tantora berdindu dutenean salbu. Halere, estu hartu dituzte azpeitiarrek Urien eta Vicario. Finalaren hondarrean, 15 eta 19koaren ondoren, Orbegozok arriskatzen jarraitu du eta gerturatu egin dira, hemeretzina berdintzeraino. Baina hor Urien abadinarraren ausardia agertu da; bera izan da azken tantoetan protagonista: urdinen azken bi tantoak egin ditu; tanto ikusgarriak, gainera.

Astelena beterik eta giro itzela edizio historikoan

Historikoa izan da gaurko finala, edonondik begiratuta ere. Harmailak pilotazalez lepo egon dira, eta giro itzela izan da partida aurretik, bitartean eta baita ostean ere.

Amaitu da LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP 2018 binakako pilota-txapelketa. Edizio historikoa izan da: aurreko marka guztiak hautsi eta ehun pilotari baino gehiagok hartu dute parte, txapelketak iraun duen hilabete bietan zehar jokatu diren bost kanporaketetan: Gasteiz, Larrabetzu, Markina, Zamudio eta Oñati; eta, azkenik, Eibarren, lekurik onenean, pilotaren katedralean; alegia, Astelenan, jokatu den finalean.

FINALEKO ARGAZKIAK GURE FACEBOOKEN: https://www.facebook.com/EmakumeMasterCup/

Emakume Master Cup

 

LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketaren finala.

Gaur eguerdian aurkeztu dugu LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketaren finala; Eibarko Astelena pilotalekuan aurkeztu ere, txapelketaren final handia izango den lekuan, hain zuzen.

Aurkezpenean parte hartu dute PROMOZIO MAILAko zein LEHEN MAILAko finala jokatuko duten pilotariek: ALAITZ BADIOLA, OIHANA ORBEGOZO, AMAIA VICARIO eta AINHOA URIEN, bateko; PATRI ESPINAR, ENERITZ ARRIETA, OLATZ ARRIZABALAGA eta LEIRE ETXANIZ, besteko.

Beraiekin batera izan dira, aurkezpenean: Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea; Patricia Arrizabalaga Larrañaga, Eibarko Udaleko berdintasun-saileko arduraduna; Virginia Arakistain, Eibarko Laboral Kutxako arduraduna; Iñaki Iturrioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol-zerbitzuetako arduraduna; eta Iker Amarika, txapelketaren zuzendari teknikoa.

Gure esker ona adierazi nahi diegu aurkezpenean parte hartu duten guzti-guztiei: pilotariak, ordezkari politiko eta instituzionalak, hedabideak... Halaber, eskerrik beroena luzatu nahi diogu SD Eibar futbol-taldeari, haren ekimenez, pilotariei Ipurua ezagutzeko aukera emateagatik.

Atxikita bidaltzen dizkizuegu gaurko aurkezpenaren, eta pilotariek Ipuruara egin duten bisitaren argazki bana. Baita, WeTransfer bidez, finalaren afixa eta hedabideen artean banatu dugun dosierra: https://we.tl/EKzAqoL3Uy.

Gogorarazten dizuegu finala igande honetan izango dela, Eibarko Astelena pilotalekuan, goiizeko 11:30etik aurrera, eta ETBk zuzenean emango duela, OREKA saioaren barruan.

Emakume Master Cup

 

Eibarko Astelena zain daukagu: EMC 2018 finalak.

Hauexek dira gaur, pilotazalez lepo egon den Oñatiko pilotalekuan (950 ikusle), jokatu diren LABORAL KUTXA MASTER CUP txapelketaren finalerdien emaitzak:


PROMOZIO MAILA:


ALAITZ BADIOLA (AZPEITIA)-OIHANA ORBEGOZO (AZPEITIA) 18-17 MADDI UNANUE (AZPEITIA)-NAROA AGIRRE (ZESTOA)

AMAIA VICARIO (DONOSTIA)-AINHOA URIEN (ABADIÑO) 18-12 NAGORE ARAMENDI (AZPEITIA)-OIHANA UNANUE (AZPEITIA)


LEHEN MAILA:


AMAIA ARAIZTEGI (MALLABIA)-MADDI MENDIZABAL (ZALDIBIA) 6-18 PATRI ESPINAR (USANSOLO)-ENERITZ ARRIETA (AZKOITIA)

MIREN LARRARTE (BIDANIA)-MAIDER MENDIZABAL (ANOETA) 13-18 OLATZ ARRIZABALAGA (GERNIKA)-LEIRE ETXANIZ (ETXEBARRIA)

Honenbestez, datorren igandean, Eibarko Astelenan jokatuko diren txapelketako maila bietako finaletan honako bikote hauek lehiatuko dira:

PROMOZIO MAILA:

ALAITZ BADIOLA (AZPEITIA)-OIHANA ORBEGOZO (AZPEITIA) VS. AMAIA VICARIO (DONOSTIA)-AINHOA URIEN (ABADIÑO)

LEHEN MAILA:

PATRI ESPINAR (USANSOLO)-ENERITZ ARRIETA (AZKOITIA) VS. OLATZ ARRIZABALAGA (GERNIKA)-LEIRE ETXANIZ (ETXEBARRIA)



Finalaren aurkezpena asteartean egingo dugu, hilak 20, finalak jasoko dituen pilotalekuan, alegia, Astelena mitikoan bertan:


Eguna: martxoak 20, asteartea

Ordua: 12:00

Lekua: Eibarko Astelena pilotalekua

Parte-hartzaileak:


    Pilotari finalistak

    Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea

    Goizane Alvarez Irijoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Kiroleko zuzendaria

    Joserra Taranco, Laboral Kutxako ordezkaria

    Iker Amarika txapelketako zuzendari teknikoa 

Emakume Master Cup

 

Astorek emakume pilotarien lehen ekupamendua aurkeztu du.

Gaur eguerdian, Astore kirol-etxeak beren-beregi emakume pilotarientzat egin dituen jantziak aurkeztu dira Laboral Kutxaren Bilboko egoitzan. Hauexek dira emakume pilotarientzako inoiz egin diren lehen ekipamenduak. Urrats berri bat parekidetasunaren eta emakumeen kirolaren alde; pilotaren alde, kasu honetan. Jantziok, LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketako finalerdietan eta finaletan jokatuko duten pilotariek jantziko dituzte, estreinakoz.

Ohar honen bidez, LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketaren antolatzaileok gure esker ona adierazi gura diegu beste behin, publikoki, bai Astoreri, bai gaur ere aurkezpenean lagun izan dugun txapelketaren babesle nagusiari, Laboral Kutxari.

Atxikita bidaltzen dizkizuegu aurkezpen-ekitaldiaren bi argazki (bertan ikus daitezke kirol-jantzi berriak); eta lerroon segidan, Astore kirol-enpresaren prentsa oharra (euskaraz eta gaztelaniaz), aurkezpena dela-eta.

Emakume Master Cup

 

EMC 2018 Zamudioko kanporaldia.

Gaur jokatu dira 1. mailako azken 2 partiduak finalerdiak erabakitzeko.

1.partiduan Maider Mendizabal eta Miren Larrartek irabazi dute 18-08 Nagore BIlbao eta Arrate Bergararen aurka nagusitasuna erakutsiz.

2.partiduan Patri Espinar eta Eneritz Arrieta 18-14 irabazi dute partidu gogor eta interesgarrian.

Galtzaileen artean 4.bikotea erabakitzeko lehian Amaia Araiztegi eta Maddi Mendizabal bikotea izan da sailkatu dena.14 tanto lortuta final erdietan izango dira.

Beraz,final erdietarako sailkatuak PROMOZIO ETA 1.MAILAN honakoak dira:ZOZKETAZ EGINDAKO PARTIDUAK DIRA.


PROMOZIO MAILA


ALAITZ BADIOLA (AZPEITIA).OHIANA ORBEGOZO(AZPEITIA) VS MADDI UNANUE (AZPEITIA)-NAROA AGIRRE (ZESTOA)

AMAIA VICARIO (AZPEITIA)-AINHOA URIEN (ABADIÑO) VS NAGORE ARAMENDI (AZPEITIA)-OHIANA UNANUEOZKETA


1.MAILA


MIREN LARRARTE-MAIDER MENDIZABAL VS OLATZ ARRIZABALAGA-LEIRE ETXANIZ

AMAIA ARAIZTEGI-MADDI MENDIZABAL VS PATRI ESPINAR-ENERITZ ARRIETA

Emakume Master Cup

 

Astore ekipamenduaren aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu..

Dakizuenez, Astore enpresa betidanik egon da, duela 30 urte jaio zen unetik beretik, pilotaren munduari oso lotuta. Hori horrela, urrats bat aurrera egin du Astorek: Astorek beren-beregi emakume pilotarientzat kirol-jantziak sortu ditu: emakume pilotariaren gorputzera eta mugimendu-beharretara ezin hobeto egokitzen diren elastikoak, gonak eta prakak.

Bada, hain zuzen ere, LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketako finalerdietan eta finaletan jokatuko duten pilotariek jantziko dituzte, lehen aldiz, aipatu kirol-jantziak.

Hori dela eta, datorren asteartean, hilak 13, eguerdiko 12:00etan, emakume pilotarien lehen ekipamendua aurkeztuko dugu Laboral Kutxaren Bilboko egoitzan (Ledesma kalean).

Aurkezpenean parte hartuko dute: Imanol Muñoz, Astoreko marketin-zuzendaria; José Ramón Taranco, Laboral Kutxako ordezkaria; LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketako hainbat pilotari;  eta Iker Amarika, txapelketaren zuzendari teknikoa.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

OHARRA: Atxikita bidaltzen dizuegu Astoreren beraren deialdia

Emakume Master Cup

 

Markinako kanporaketa LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketan.

Datorren igandean jokatuko da, Markinan, PROMOZIO MAILAko zazpigarren multzoko kanporaketa. Horrenbestez, astebete geroago Markinan bertan jokatuko diren PROMOZIO MAILAko final-laurdenetan lehiatuko diren zortzi bikoteetatik zazpi, jada, zehaztuta egongo dira (zortzigarrena, multzo guztietako bigarren bikoterik onena izango da).

Bestalde, egun berean eta leku berean; hau da, hilaren 25ean, Markinako pilotalekuan, LEHEN MAILAko 2. taldeko kanporaketa jokatuko da, final laurdenetarako sailkapenaren bila. Bertan arituko da, hain zuzen ere, LEIRE ETXANIZ etxebarritarra, iazko binakako eta banakako txapelketaren txapelduna. Herrikideek beratik bertara ikusteko aukera izango dute, beraz, igande honetan. Txapeldunak bikotea osatuko du OLATZ ARRIZABALAGA gernikarrarekin, eta MAITE eta OLATZ RUIZ DE LARRAMENDI Eulateko ahizpa nafarren aurka arituko dira.

Hori dela eta, gaur eguerdian Markina-Xemeingo Udaletxean aurkezpena egin da. Hantxe izan dira (argazkiaren hurrenkeran): Iker Amarika, txapelketaren zuzendari teknikoa; Leire Etxaniz txapelduna eta Joseba Iraolagoitia, Markina-Xemeingo kirol-zinegotzia. Juan Jose Txurruka Markina-Xemeingo alkatea ere, han izan da.

Aurreratu dizuegun legez, PROMOZIO MAILAko final-laurdenak Markinan jokatuko dira martxoaren 4an; LEHEN MAILAko final-laurdenak, ostera, Zamudion izango dira, hurrengo asteburuan; hau da, martxoaren 11n. ETBk zuzenean emango ditu LEHEN MAILAko final laurdenak (martxoaren 11n, Zamudion), eta PROMOZIO MAILAko zein LEHEN MAILAko finalerdiak (Oñatin, martxoaren 18an). Halaber, ETBk zuzenean emango ditu martxoaren 25ean, Eibarko Astelena pilotalekuan, jokatuko diren finalak.

Atxikita bidaltzen dizkizuegu aurreko asteburuko emaitzak eta bikote sailkatuak (Larrabetzu 17-18), Markinako kanporaketaren egutegia eta gaurko aurkezpenaren argazki bat.

Emakume Master Cup

 

Gasteizko kanporaketa: Laboral Emakume Master Cup..

Egun handia izan zen atzo esku-pilotarako, emakumezkoen esku-pilotarako eta, oro har, parekidetasunerako zein kirolerako. Atzo hasi zen, Gasteizen, LABORAL KUTXA MASTER CUP 2018 binakako txapelketa, estreinako kanporaketekin. Eman dira, honenbestez, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko diren final handiekin amaituko den ibilbide oparoaren lehenbiziko urratsak .

Hasteko eta behin, antolatzaileok pilotari guztien gogoa eta konpromisoa eskertu gura dugu, beraien lanari, ekinari eta talentuari esker, pilotaz gozatzeko aukera eman baitziguten atzoko egun osoan, giro ederrean. Baita ikusle guztiei ere, eta bereziki, kanporaketetako partida guztietan ikusle eta lagun izan genituen Jaione Agirreri (Gasteizko udaletxeko berdintasun-zinegotzia), Nora Igartuari (hezkuntza eta kirol-zinegotzia), eta Iker Geretari (Arabako Euskal Pilota Elkarteko lehendakaria).

Guztira 50 partida jokatu ziren: 42 Promozio mailan (goizez) eta 8 Lehen mailan (arratsaldez) Gasteizko Mendizorrotza Kirol Esparruko Ogueta pilotalekuan; algia, esparruan dauden lau pilotalekuetan. Emakumezkoen esku-pilotaren maratoi gustagarria izan zen atzokoa, duda barik.

Aipagarria da, emaitzak emaitza, maila handiko partidak ikusi zirela eta, oro har, gero eta maila hobea dagoela txapelketan parte hartzen duten pilotarien artean.

Atxikita bidaltzen dizkizuegu atzoko partiden emaitzak eta sailkatutako bikoteak.

Emakume Master Cup

 

Igande honetan abiatuko da, Gasteizen, 2018ko LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP emakumeen eskuz binakako txapelketa handia..

Gaur goizean Gasteizko Udaletxean egin den prentsaurrekoan aurkeztu dituzte txapelketaren lehen kanporaketak. Lehenengo kanporaketen aurkezpenean horretan parte hartu dute: Estibaliz Canto, Gasteiko udaleko kultura, gazteria eta kirol zinegotziak; Iker Gereta, Arabako Euskal Pilota Elkarteko ordezkariak eta Iker Amarikak, txapelketako zuzendari teknikoak. Horiekin batera,  txapelketan arituko diren bi pilotari izan dira: Lehen mailan jardungo den Leire Garai gasteiztarra, eta Promozio mailan lehiatuko den Maria Granado hernaniarra.

Bertan azaldu dutenez, igande honetan, otsailak 4, jokatuko dira Promozio mailako eta Lehen mailako aurreneko kanporaketak; Gasteizko Mendizorrotza Kirol Esparruko lau pilotalekuetan jokatu ere; goizeko eta arratsaldeko saioetan.

Mezu honetan bidaltzen dizkizuegu ekitaldiko hiru argazki eta goizean banatu txostena (euskaraz eta erdaraz); behean, Wetransfer bidez. Bertan duzue ikusgai txapelketaren lehen kanporaketaren egutegia, osoa eta zehatza: pilotariak, multzoak, ordutegiak...

Emakume Master Cup

 

Ehun emakume pilotarik hartuko dute parte eskuz binakako 2018ko LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketan..

Bizkaikoak, Gipuzkoak, Nafarroakoak, Arabakoak, Errioxakoak, Kataluniakoak, Aragoikoak, Valentziakoak, Asturiasekoa... hainbat jatorritako ehun pilotarik hartuko dute parte, 2018ko LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP binakako txapelketan: Guztira, 42 bikote Promozio mailan; eta 8 bikote maila gorenean, alegia, Lehen mailan.

Otsailaren 4an, Gasteizen, hasiko dira txapelketaren bi mailetako kanporaketak, Ogueta pilotalekuan eta Mendizorrotza Kirol Esparruko hiru pilotalekutan, hain zuzen ere.

Promozio mailan, txapelketa kontzentrazio eran izango dira kanporaketak; hau da, hiruko sistemako multzoen bidez jokatuko dira; izan ere, horrela, bikote bakoitzak bi partida jokatu beharko ditu, gutxienez, eta multzo bakoitzeko bikote bi onenak sailkatuko dira hurrengo kanporaketarako. Lehen mailan, aldiz, 4 bikotek osatutako 2 taldetan lehiatuko dira pilotariak; eta lehenengo 3 onenak sailkatuko dira talde bakoitzetik.

Hau informazioa oso-osorik, eta zehaztasun gehiago, urtarrilaren 31n, asteazkenez, goizeko 11:30etik aurrera, Gasteizko Udaletxean (Gasteizko Udaletxeko eta Arabako pilota-federazioko ordezkariekin batera) egingo dugun aurkezpen-prentsaurrekoan emango dizkizuegu.

Bien bitartean, izena eman eta, beraz, parte hartuko duten pilotarien zerrenda bidaltzen dizuegu, ondo bidean, jadanik horren berri eman dezazuen.

Eskerrik asko, agur t'erdi

Emakume Master Cup