ELKARRIZKETA/ENTREVISTA OLATZ ARRIZABALAGA Zer egin behar du zuen bikoteak ondo irabazteko aukerak izateko? - Final oso parekatua ikusten dut, joko estilo nahiko antzekoekin. Bi aurrelariak esperientziadunak eta errematatzaileak eta atzelariak "berriak" baina gogor datozenak. Laurok gure jokoa erakusten badugu erakustaldi polita emateko finala izan ahal da. Finaletan oso garrantzitsua izaten da ondo hastea eta hasietan aurkarien tantoei eustea. Nik uste hasiera ona ematen badiogu eta orain arte eman dugun maila ematen badugu, akats gutxirekin eta lan eginda, irabazteko aukerak izan ditzakegula. Bi aurrelariek esperientzia gehiago duzue eta atzelariak gazteagoak dira, igerri dezakete presioa? - Bai. Azkenean telebistaren aurrean eta frontoia beteta jolastera ez daude ohituta eta horrek edonor urduri jarri dezake. Gainera final bat izanda are gehiago. Amaia eta ni azkenean ohituta gaude baina urduritasun puntu hori beti eukiko dogu. Ligaxkako partidan Olatzek eta Enarak irabazi zuten, zerbait esan nahi du horrek? - Ez dut uste ligaxkan guk irabazteak finalean hori gertatuko dela ziurtatzen duenik. Ligaxkako partidua oso gogorra izen zen eta edozein aldetara joan ahal izan zen. Oraingoan gainera, finala izanda, urduritasunak eta bakoitzaren egoerak asko eragingo dute. Eta Irunen izanda, aurreko bietan jenderik gabe edo ia jenderik gabe jokatu zenuten, oraingoan harmailak beteta arituko zarete, zertan aldatzen da? - Jenderik gabe jolastu genuenean ez zuen ematen benetako finala zenik. Jendearen berotasun horrek finalari beste emozio eta urduritasun bat ematen dio eta bereziago egiten du.
