Sendotasuna, horixe izan da, hitz batean laburbildu beharko bagenu, Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek goraino bete den Aritzbatalde pilotalekuan lortutako Binakako LABORAL KUTXA Masterraren txapelen giltza. Finalak jokatzeko eta, batez ere, irabazteko direla esan ohi da eta Gernikarrak eta Oñatiarrak txapelketa guztian zehar erakutsitako nagusitza berretsi besterik ez dute egin giro bikainarekin jokatu den finalean. Ideiak oso argi, partidak une bakoitzean eskatu diena egin dute eta uste baino errazago (22-14) gailendu zaizkie azkenerako iparra galdu duten Amaia Aldai eta Nora Mendizabali. Garaipen honekin, txapelketako pilotaririk onenaren EITB saria ere eraman duen aurrelari gernikarrak bere laugarren txapela jantzi du Emakume Master Cuparen binakako txapelketarik garrantzitsuenean, lehen biak pilota goxoarekin eta azken biak mistoarekin. Oñatiarrak, aldiz, bere lehen txapela jantzi du 17 urterekin. Azken urtean sekulako garapena izan du gazte gipuzkoarrak bere jokoan eta gaur, bere lehen finalean, beterano handi baten gisan aritu da.

Erditik aurrera hautsi bada ere, finalak hasiera borrokatu eta lehiatua izan du. Aldai eta Mendizabal partida atzeko koadroetan kargatzeko asmo irmoarekin kantxaratu dira eta hasiera batean lortu ere egin dute, hein handi batean atzelari andoaindarrak oso partida hasiera txukuna izan baitu, pilota bere eskuinarekin asko gozatuz. Hasiera horretan, urdinei eustea tokatu zaie, sarri piloteoan aurkariak gehiago izan dira eta defentsan lan itzela egin behar izan dute gerora finalaz eta txapelaz gozatu ahal izateko. Eta lortu dute, Mendizabali pilota pare batek gora egin diote ihes, Aldaik ere hutsen bat pilatu du eta gernikarra eta oñatiarra 4-10 aurreratu dira markagailuan.

Aldai-Mendizabalek, ordea, ez dute amore eman eta atzean zigortuz eta dimoztarrak erasoan arriskuak hartuz, erdialderako markagailua orekatu dute, 10-11, baina aurretik jartzea lortu gabe. Eta garesti ordaindu dute aginte makila hartu ezin hori. Alde batetik, aurkarien defentsan zulorik topatu ezinik desesperatu ere egin direlako, baina baita Olatz Arrizabalagak jokoan sartu eta bikotearen zama bizkarreratuz, partida euren aldera haustea lortu duelako. Azken urteetan patxada handia irabazi du Arrizabalagak, gaur ere bere momentua iritsi arte lan egiteko gai izan da eta apenas bi pilota galduta, azkenerako ikaragarri gozatu du.

Garaipena gero eta urrutiago ikusita, ordea, Aldai-Mendizabalentzat finalaren bigarren parte luzea amesgaizto bat izan da, ez direlako euren maila emateko gai izan. Arrizabalaga-Oses izan dira aurtengo emakumezkoen binakako txapeldunak eta hurrengo astean gizonezkoak zeintzuk izango diren ikusiko dugu Nafarroa Arenan.

Jaialdiari hasiera eman dion partida ezin berdinduagoa izan da eta azkenerako Etxegarai-Gamindek 18-17 irabazi diete Larrarte-Capellani. Eguneko garailerik handiena, ordea, emakumeen esku pilota izan dela esan genezake, azken urteetan betetzea horrenbeste kostatu den Aritzbatalde mukuru egon delako eta bertaratutako guztiak berriz ere antzeko beste jaialdi batetara itzultzeko gogoz irten dira.

Emakume Master Cup © 2024