Ikusmina handia zen eta, hasieran bestelakorik ematen bazuen ere, Goiuri Zabaleta 7-0 aurreratu da, lehen finalerdia ikusgarria, gogorra eta oso orekatua irten da. Erakutsia zuen aurretik Goiuri Zabaletak tantoak amaitzeko sekulako abilezia duela, baina gaur bestelako dohain handiak ere badituela berretsi du, partida borobila jokatuz. Batez ere, 14 urterekin sinestezina dirudien patxada erakutsi du, pilotakada bakoitza zentzuz joaz. Hala, partida luzatzeak Leire Garairi mesede egin ziezaiokeela zirudien arren, leitzarrak ez du beldurrik izan tantoak landu eta luzatzeko eta, eskuin fresko batekin, gasteiztarra laugarren koadroaren buelta horretan izan du.

Gauzak horrela, partidaren lehen erdi luzean alde erosoak kudeatu ditu aurrelari nafarrak, 10-17 ere aurreratu delarik. Errazena amore ematea bazen ere, Leire Garai ez da lehenengoan errenditzen diren horietakoa eta lanean jarraitu du. Ahal izan duenean aurrera pauso bat eman du eta, airez eta sakearekin asmatuta, Zabaletari mina egitea lortu du. Fisikoki ere asko gogortu den partidari hobeto erantzun dio arabarrak eta, lanari esker, markagailua asko orekatzea lortu du. Behetik gora etorrita, tanto bakarrera gerturatzea lortu du 19-20koan. Gauzak estuen zirenean, tanto oso luze eta borrokatu batean leitzarrak sakea berreskuratu eta merezitako garaipena eskuratu du.

Oso bestelakoa izan da bigarren finalerdia eta bertan Amaia Aldai txapelduna gainetik pasa zaio Miriam Arrillagari (22-3). Txapeldunak asko jokatu du, bereziki sakearekin sekulako triskantza egin dio dimarrak, denera 10 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin eta uste baino askoz garaipen errazagoa eskuratu du. Miriam Arrillagak, bere aldetik, ez du bere maila ematerik izan, nahiz eta piloteoan aritu diren aukera gutxitan, kolpez aurkaria baino gutxiago ez dela erakutsi duen. Sasoian eta ilusioarekin heldu da aginagarra Abadiñora, lehen tantoetan aurkaria estutzea ere lortu du tarteka, baina tarteka behar izaten den zorte puntu hori ere ez du alde izan, tantoak gorri izan dira eta erabat amildu da. Txikoan egindako dejada bikain batekin lortu du bere lehen tantoa atzelari gipuzkoarrak (15-1), baina Amaia Aldaik ez dio inolako erreakziorako aukerarik eman eta espero baino errazago eraman du finalerako txartela aurrelari arratiarrak.

Duela gutxi Jokin Altunak gizonezko profesionalen kaiolako txapela jantzi bazuen, laster jakingo dugu nor den emakumeen txapelik preziatuena jantziko duen pilotaria.

 

Emakume Master Cup © 2024