Euskadiko hiru hiriburuetan jokatzen den txapelketa honek hazten jarraitzen du eta aurten partaide kopuruan beste jauzi bat emango du eta 68 izan dira lehiaketa honetan izena eman dutenak. Txapelketa guztia hiru jardunalditan garatuko denez, beldurrik gabe esan dezakegu 3 Hiriburuak hau dela urteko zitarik trinkoena.
Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituak hasieratik izan dituen printzipioei leial, Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen txapelketa hau erabat irekia izan da, hau da, parte hartu nahi duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera. Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da; pilota goxoko bat eta beste lau gero eta errotuagoa dagoen pilota mistoarekin; hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak.
Txapelketari igande honetan bertan, irailak 29, emango zaio hasiera Donostiako Atano III.a mitikoan, egun osoko pilota maratoi batekin. Bertan maila guztietako aurre-kanporaketak jokatuko dira eta aurrera egitea lortzen dutenek urriaren 6an izango dute hurrengo hitzordua, emakumeen esku pilotan hain berezia bilakatu den Bilboko Esperantza pilotalekuan. Finalak urriaren 13rako daude iragarriak, Gasteizko Ogetan pilotalekuan.
Elite mailari dagokionean, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte; Etxegarai-Oses, Arrizabalaga-Zabala, Zabaleta-Mendizabal, Uriarte-Capellan, Arraiza-Gaminde, Salsamendi-Bergara, Aldai-Erasun eta Larrarte-Perez. Aldai-Bergara izan ziren iazko irabazleak, baina aurten banandurik arituko dira oso orekatua espero den txapelketan.