Kirol hau pasioz bizi duten gaztetxo askok gaur izan dute elkarren berri lehen aldiz eta zinez eskertu dute askorentzat lehen esperientzia izan den hau Atano III.a bezalako kantxa historiko batean jokatu izana. Gure artean dagoeneko ezagunak egin diren eliteko pilotariez harago, pilotari berri askori aukera eman die 3 Hiriburuak torneo honek eta harrobian itxaropena izateko motiborik badela berretsi dute jaialdi eder honekin.

Elite mailari dagokionean, Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatuko diren finalerdiak honako hauek izango dira; Arraiza-Gaminde / Etxegarai-Oses eta Arrizabalaga-Zabala/ Zabaleta Mendizabal. Gaur Donostian hiru partida jokatu dira maila honetan eta lehen partidan Zabaleta-Mendizabalek 22-9 irabazi diete uriarte-Capellani. Lehia nahiko orekatua izan da hasieran, baina bederatzigarren tantotik aurrera, sasoi betan den Goiuri Zabaletak erakustaldi bat eman du eta Uriartek ez du ezer askorik egiterik izan.

Bigarren lehian, Arraiza-Gaminde erraz nagusitu zaizkie Salsamendi-Bergarari 22-11. Laia Salsamendik aurrera-pausoak ematen jarraitzen du eta gaur bere lehen partida jokatu du 3 Hiriburuak torneoan, nahiz eta gutxi egin ahal izan duen atzean Enara Gamindek erakutsitako nagusitasunaren aurrean.

Maila honetako eguneko lehiarik orekatuenean, Etxegarai-Osesek 22-19 irabazi diete Aldai Erasuni. Partida zinez gogorra eta berdinketaz betea izan da honako hau 16. tantoraino. Hortxe Itxaso Erasunek pare bat bota ditu txapapera, laguntzeko borondatearekin aritu den Amaia Aldai ere presaka antzean aritu da jarraian eta azkenerako berriz ere markagailuan gerturatzea lortu badute ere, partidak ihes egin die.

Gainontzean, gazteen A mailan Alize Sagardui-Uxue Gomez / Maddi Ugalde-Udane Ozaetak eta Eider Perez-Naia Uriarte / Itxaso Iparragirre-Maria Balerdik jokatuko dituzte finalerdiak, gazteen B mailan Intza Arruti-June Zabalak / Ezki Aristi-Ainhitze Arratibel eta Lur Egizabal-Nora de Vega / Elene Uribesalgo-Irati Antolinek eta promesetan June Urrutikoetxea-Amaia Zarrabeitia / Iria Madariaga- Malen Lamadrid eta Olatz Insausti-Irati Betegi / Marta Gomez-June Berasaluzek.

Emakume Master Cup © 2024