Emakumeen esku pilotarentzat leku berezia bihurtu da Bizkaiko hiriburuaren erdialdean kokatutako pilotaleku xarmanta eta gaur ere giro itzela egon da, aforo guztia beteta. Gauzak horrela, egungo atzelaririk sendoenaren eta aurrelaririk eraginkorrenaren arteko final ikusgarria espero da Ogetan.
Lehen finalerdian, Arraiza eta Gaminderi lehen pilotakadatik ikusi zaie finalista aurpegia. Hasiera-hasieratik oso bikote sendoa osatu dute, Laukizkoa atzean oso seguru eta Arraiza borrokalari eta eraginkor. Saiatu da Madalen Etxegarai aurre egiten eta partida polita jokatu du, baina Osesi kosta egin zaio frontoian bere lekua topatzen, batzuetan motz geratu da eta beste batzuetan pilotak harrapatu egiten zuen eta huts batzuk pilatu ditu. Bigarren finalerdian, Arrizabalaga eta Zabalak estutu dituzte aurkariak baina azkenerako amore eman behar izan dute.
Lehia orekatua joan da oso lehen erdian, berdinketa ugarirekin, baina hamahiruna berdindu ostean urdinek alde egin dute markagailuan eta merezimenduz nagusitu dira. Ezbairik gabe, Goiuri Zabaleta izan da partidako pilotaririk onena, sendo, eraginkor eta tanto izugarri politak amaituz. Olatz Arrizabalagari, urduritasunak eraginda, pilota batzuk txapapera ihes egin badiote ere, sakez –dozena erdi bat sake sartuko zizkion Mendizabali– min egin dio Mendizabali eta Zabalak ez du bere egunik onena izan defentsan. Mendizabalek errestoan arazoren batzuk izan baditu ere, azkenerako partida txukuna osatu ahal izan du. Ikusitakoak ikusita, final ikusgarria espero da datorren iganderako Gasteizen, ETB-ko kamerak zuzenean eskainiko duten jaialdian.