Dena erabakitzeke Plazandreak txapelketaren ligaxkako azken jardunaldi ezin interesgarriago batean Hollywoodeko gionistarik maltzurrenak ere imajinatu ezingo lukeen amaiera izango du Plazandreak txapelketako ligaxkak, ezer ez baitago erabakita Erlantz Garcia eta Reyes Azkoitiaren taldeek jokatu beharreko azken jardunaldiaren aurretik. Sei punturekin, baina bere partida guztiak jokatuta, Mikel Inuntziagaren taldea dago sailkapeneko lehen postuan, bost dituzte Erlantz Garciarenek eta lau Reyesen neskek, hortaz, hiru taldeek dituzte finalera sailkatzeko aukerak eta ez litzateke harritzekoa izango averagearen beharra izatea finala jokatuko duten izenak zeintzuk diren jakiteko. Baina, zoritzarrez, txapelketa honek ere ezin izan dio azken hilabete luzeetan gure bizitzal erabat aldatu dituen osasun larrialdiari eta Erlantz Garciaren taldeak hutsune nabarmenak izango dituzte ligaxkako jardunaldi honetan, Amaia Aldai eta Uxue Osesek ezin izango dutelako bihar Zornotzan egon, covid-19 positibo emandako pertsona batekin kontaktu zuzena izan eta euren etxeetan bakartuta egon behar dutelako. Bergarako Maddi Barrokal eta Laukizko Enara Gaminde izango dira hauen ordez arituko diren pilotariak. Andrea Capellan ere ez da erabat osatu pasatako gaixotasunaren ostean eta Reyes Azkoitiaren taldean ere ordezko batek, Arrate Bergarak, jokatu beharko du. Hala ere, ordezkoek orain arte beti erantzun dute euren beharra izan denean eta partida orekatuak espero dira bihar gauerako. Esperientzia eta harrobiko gazteak uztartzearen formula oso emaitza ona ematen ari da orain arte eta esperientzia berritzaile honek merezi duen bukaera izango duelakoan gaude, emakumeen esku pilotak etorkizun oparoa duela berretsiz.